mikel p ansa
HIZPIDEAK

Ahuleziaren seinalea

2022ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Mehatxua da aginteari gelditzen zaion azken-aurreko baliabidea. Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak ohartarazi du gaur protesta egitera aterako diren herritarrei jazarriko zaizkiela. Manifestatzeko eskubidea badela, baina garraiobideak blokeatzeko eskubiderik ez, delitua dela. Horra prefetaren argudioa. Eta aitortu ez duena: ordubeteko manifestazioak egin litezke nahi adina, traba handirik sortzen ez duten bitartean, baina garraiobideak blokeatzeak beste maila bateko arazoak sor ditzake.

Herritarren manifestazioek garai batean balioko zuten agintariak behartzeko, beharbada, baina badira urte asko gobernuek ez dietela manifestazioei kasurik ematen, berdin dio zenbat jende elkartu. Ikusi besterik ez da Katalunian: zenbat jende bildu behar dira manifestazioetan agintariek zerbait alda dezaten? Eta zer bide gelditzen zaie herritarrei, agintarien jokabideak aldarazi nahi dituztenean eta agintariek mehatxuekin erantzuten dutenean? Frantziako Gobernuak bake prozesuari eta urratsei buruz hitz egitea blokea dezake, baina herritarrek ezin dituzte bideak blokeatu, aginteak zehazten duelako noraino eta nola egin litekeen protesta. Baina hori egiteak berak erakusten du agintearen ahuleziak eta izuak non dauden, eta Bake Bideak asmatu egin du. Asmatu egin du, protesta egin gabe ere lehendabiziko helburua lortu baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.