Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Emakumeak, komeni bezala

2021eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun

AEBak badoaz Afganistandik, itxuraz behintzat, hogei urteko gerra eta okupazioaren ondoren, Joe Bidenek deskubritu duenean AEBak ez daudela beste herri batzuetako arazoak konpontzeko —ez al ziren ba emakumeak askatzera joan, besteak beste?—. Euren artean konpondu behar dutela uste du, baina ezertara iritsiko ez diren bake negoziazioak zerbaitetara iritsiko balira, emakumeak erabiliko dituzte, bakearen izenean, orduan bezala orain ere. Eta ez da onerako izango.

Taliban hitza entzun, eta emakume dator atzetik, emakume gaixoak, beste askoren hitzen artean George W. Bushek duela hilabete eskas esan zuena gogora ekarrita: «Beldur naiz emakume eta neska afganiarrek kalte deskribaezina jasango duten». Bihotza apurtuko omen zaio. Baina bihotza emakume afganiarrei apurtzen zaie, horrelakoak entzutean, Malalai Joya ekintzaileak dioen bezala, «AEBentzat emakumeak aitzakia besterik ez» baitira izan helburu militarretarako. «Talibanen erregimen barbaroaren ondoren, buruzagi misogino ustelak iritsi ziren». Emakumeen eskubideak etenik gabe urratzen dira. Bortxaketak eta bahiketak jasaten dituzte, eta ez dira euren bizitzaren jabe. Talibanek beldurra ematen dute, inork baino hobeto dakite emakume afganiarrek, baina herri batek ezin dio askatasuna eman beste bati, hura okupatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.