mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Historiarako aste bat

2020ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Abuztuak 15 ditu gaur. 1.242 urte beteko dira euskaldunek Karlomagno frankoen erregearen armada garaitu zutenetik, Orreagako batailan. Euskaldunen historiako garaipen militarrik handiena dela erran ohi da. Gertakari hark ongi laburbiltzen du, gainera, herri horren historia bera: ez zelai zabal batean armada handi eta korazatu batek irabazitako bataila epiko bat, ez konkista gerra handi bat, ezta itsas bataila sonatu bat ere; euskaldunen historiako garaipen militar handiena da harkaitz eta amildegi tartean eginiko gerrilla estiloko segada bat, etxeko mendietan egina anitzez etsai boteretsuago baten aurka, atzerritarrek nahi bezala kontatua, eta irabazleen solasik eta izenik ezagutu gabe iraun duena.

Urteurren gehiago bete dira aste honetan. Asteazkenean 498 urte bete ziren gaztelarrek Amaiurko gaztelua suntsitu zutenetik. Baina herri baten iruditeriak ezin du sufrimendu belikoa bertzerik izan. Errate baterako, Jose Mari Iparragirre bardoa jaio zela 200 urte bete dira aste honetan, eta haren garaikide Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handiaren hezurren bila hasi da Aranzadi elkartea. Artistak eta herri xehearen pertsonaiak, ezinbertzeko elementuak nazio baten nortasuna osatzeko. Historiak egiten ditu nazioak, ala nazioek egiten dute historia? Bat eta bertze, segur aski; Orreagan borrokatzeak, eta Orreagako borroka kontatzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.