HIZPIDEAK

Arrauna edo futbola

Gurutze Izagirre Intxauspe -

2018ko irailak 8
Jaime Ignacio del Burgo Espainiaren batasun sakrosantua auzitan jartzea onartuko ez duenarekin batera lan egin beharko dute Mikel Legardak, Iñigo Urrutiak, Arantxa Elizondok eta Alberto Lopez Basagurenek, estatutu berriaren idazketan —emakume bakarra izateak ez luke anekdotan geratu behar—. Zakur zaharra da Del Burgo, ez zuen berak alferrik parte hartu Espainiako Konstituzioaren idazketan. Egunkari honi eman zion elkarrizketa batean, eta bakarrean, ez zituen abegi onez hartzen Ibarretxe eta Arzalluz, [«barru poza ematen dit Arzalluz bere ametsa bete gabe erretiratzen ikusteak» (2004/03/06)]. Badu su piztailearen traza, eta itzaltzaileak gehiago beharko dituzte taldean, zortzi hilabetera testu bakarra aurkeztuko badute.

EAJk eta EH Bilduk adostutako testua oinarri hartuta, alderdi politiko bakoitzak izendatu dituen adituak bere abilezia guztiak baliatu beharko ditu testu batera iristeko. Eraikitzaileagoa litzateke traineru berean doazen legelariak irudikatzea, denak norabide berean lanean, baina antz handiagoa du lehian ibiliko direla: jaurtiketa gelditu edo gola sartu.

Kuraia eta zortea baino ezin zaie opa. Dena egiteko eta irabazteko dagoenaren jarrerak lagunduko luke, baina aingurak hain dira pisutsuak, ezen zail den sinestea eurek bakarrik ahalko dutela. Beste eremu batzuetan giharrak ez lirateke gehiegi erlaxatu behar, badaezpada.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna