mikel p ansa
HIZPIDEAK

Burugabekeriak

2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Ezohiko irudi bat utzi zuen atzo goizeko Iruñeko entzierroak: korrikalari talde bat —ez oso handia— lurrean eserita, aurtengo lasterketak azkarregi bukatzen direlako eta zezenen aurrean lasterka egiteko aukerarik ez dutelako. Iruñeko Udalak makina bat kexu entzun behar izan ditu lehenago ere entzierroengatik; oraindik askoren begietan daude sei minututik gora izaten ziren entzierro haiek, dozenaka adarkaturekin; eta begietan daude, halaber, errebuelta batzuetan zezenek pareten kontra hartzen zituzten kolpeak, eta lurrean ziraldoka ibiltzen ziren garaiak. Ez korrikalarien segurtasuna bermatzen ote zen, ez zezenen egoera zaintzen zen. Behin izango, eta instituzioek neurriak hartu zituzten; idiak eta zezenak entrenatu egiten dituzte orain, lasterka hobeto egin dezaten; eta udalak kaleak bustitzen ditu animaliak —eta lasterkariak— ez irristatzeko likido batekin. Eta kexuengatik arazo bat konpontzeko neurriak hartzeak berak ekarri ditu oraingo kexuak. Eta, hara non, korrikalari horien eserialdiaren ondoren, zezenek orain arteko lasterketarik motelena egin duten, eta aurtengo adarkatu bakanetako bat utzi duten. Atzoko protesta hori gizarte honen arinkeria guztien sintomatzat har liteke: adrenalina, edozein preziotan; badaezpada, kexatu; hartu debaldeko arriskuak; eta erakutsi, autofotoak eginez, adibidez. Are gehiago: gizonkeriarik trauskilena erakusten du debalde arriskuak hartzeko gogo horrek. Eta, gero, inor zauritzen denean, kexatu berriz, instituzioek ez dutelako neurririk hartzen. Burugabekeria, muturrera eramana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.