martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Tunisiako intxaurrak

2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Tunisian piztu zen 2010eko abenduan gero Ipar Afrikako eta inguruko beste herrialde batzuetara zabaldu zen Udaberri Arabiarra. Mohamed Bouazizi kale saltzaile gazteari salgaiak kendu zizkion Tunisako Poliziak, eta gehiegikeria salatzeko su eman zion bere buruari gazteak. Leherketaren metxa herrialde batetik bestera pasatu zen, eta ukiezinak ematen zuten buruzagi dezente bota zituzten herritarrek boteretik: Ben Ali Tunisian bertan, Muammar Gaddafi Libian, Hosni Mubarak Egipton...

Nagusiki, beren herrietan etorkizun ekonomikorik eta demokrazia formal baterako aukerarik ikusten ez zuten gazteek lideratu zituzten mundu osoaren arreta bereganatu zuten mobilizazioak. Intxaurrondoa gazteek astindu, eta intxaurrak kalean borrokan ibili ez ziren beste batzuek jaso. Ohikoa, zoritxarrez.

Berriro jarri gaitu Tunisiak maparen puntu horri begira, Kais Saied lehendakariak atzo mahai gainean eman zuen kolpearen ondorioz. Hitxam Metxitxi lehen ministroa kargugabetu, eta legebiltzarra bertan behera utzi zuen. Egunotako herritarren protesta jendetsuak ekonomia eta osasuna baliatu ditu presidenteak herrialdeko konstituzioarekin talka egin dezakeen erabakia hartzeko.

Jasoko ahal dituzte behingoz intxaurrak astintzaileek!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.