mikel p ansa
HIZPIDEAK

Errentarik ez

2019ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Jokoa ez da errenta, dio euskaldunen esaera zaharrak. Esamolde horrek erakusten ditu, batetik, jokoak etxe askotan utzitako kalteak; baina erakusten du, halaber, errenta baten segurtasunak nolako aitorpena zuen garai batean, eta, horrekin batera, agertzen du ordukoek lan seguru batean serio enplegatzeari ematen zioten garrantzia. Esapideak ez du gaurkotasunik galdu, alde batera; gaur, apustu etxeak bazter guztietan ugaritu diren honetan, ez legoke sobera gogoratzea jokoa ez dela errenta. Baina garai bateko euskaldunen segurtamenak tokitara joan dira. Gaur motzegia geratu da esaldi hori; oraingo garaiak erakutsiko dituzten esaldi berriak asmatu behar lirateke, eta «lana ere ez da errenta» izan zitekeen horietako bat. Garai bateko euskaldunari kostako zitzaion sinisten, baina gaur lana ez baita errenta jende askorentzat. Sektore askori buruz esan zitekeen hori, zaintza lan feminizatuei buruz, obra publikoetan azpikontratatukoei buruz... baina gaur jaki banatzaileei buruz esatea tokatzen da, Glovo, Deliveroo eta gisakoetako autonomo faltsuei buruz. Beharraren beharrez behar egin behar, baina lanak errentarik ematen ez; asteko zazpi egunetan lan eginda ere. Mandatarien lan baldintzek garbi erakusten dute 2008ko krisi handiaren kalteek noraino eraman duten gizartea, eta ekonomia. Ezinezko baldintzak onartzen ari dira langile asko: bizitzeko lan egin behar, eta lan egiteko itota bizi behar. Kontsumo maila honekin, bi planeta behar irauteko; eta bizitzeko soldata duin bat izateko, bi bizitza behar. Neurri guztiak galduta dabil mundua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.