HIZPIDEAK

Pasaiako portutik dator kea

Martxelo Otamendi Egiguren -

2018ko abuztuak 10
Kutsadurak zigortutako euskal herrien zerrendan urteak daramatzate lehen postuetan Pasaiak eta haren inguruko herriek. Historikoki kutsadura sortzaile kontzentrazio handia, eta politikoki indartsua, jasan behar izan dute herritar babesgabeek: portua, portuaren ondoko Iberdrolaren zentral termoelektrikoa, Errenteriako paper fabrika...

Ez dira atzo goizekoak inguru horretan egindako protestak, haien osasunari larriki kalte egin dioten aktibitateei muga jarri behar zitzaiela exijituz, baina erakunde publiko gorrak eta enpresa boteretsuak eduki dituzte aurrean; haien mozkinak herritarren osasunaren gainetik jartzen oso ohituak. Edozer gauza egitea libre zen garai hartako ikurra Iberdrolaren tximinia izan zen.

Badian Bizi plataforma aurkeztu zuten atzo, eta horrekin batera jakinarazi salaketa jarriko dutela Ingurumen Fiskaltzan joan den ostegunean portuko txatarragunean egon zen sutea iker dezan. Herritar kaltetuei, bizirik egon edo ez, zor diegu behin betiko azterketa zientifikoa egitea, osasun erakundeen tauletan ageri diren datuek salaketa argigarria egiten dutelako.

Tabako fabrikatzaileei isuna jarri bai, eta tximiniako kea etxeko sukalderaino sartu dizun enpresari zergatik ez?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna