Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Elkarrizketa, preludioan

2019ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Hondarribiko Udalak abiatutako elkarrizketa prozesua zertan den jakinarazi du Jenny Pearce bitartekariak: «Elkarrizketa posibleari buruzko elkarrizketa» bideratzeko urratsak egin direla nabarmendu du, eta tonu baikorra eman nahi izan dio mezuari, baina herenegungo bilera bertan behera uztea erabaki du «denbora gehiago» behar duelako, alde guztientzat bilera «lasaia» eta «emankorra» izango dela ziurtatzeko. Alegia, oraingoz elkarrizketak preludioan geratzeko arriskua duela.

Garaiotan eta gurean gertatzea sinesgaitza badirudi ere, azken bi hamarkadotako errealitateak erakusten du indarkeria matxistaren kontra ozen diharduten politikari askok indarkeria hori babestuz eta goratuz piztia oilartu dutela, eta orain oso zaila dela mahai batera ekartzea, txilibitua astintzen eta umiliatzen jarraitzeko aukera badute, libre eta kementsu.

Esertzea erabakitzen duten bitartean, ordea, bada nahikoa ekinbiderik. Zergatik ez onartu eta salatu demokrazia eta giza eskubideak urratzen dituztela, «bizikidetza arazo bat» edo «alardea ulertzeko bi modu» daudela esan beharrean? Zergatik ez gaitzetsi erasoak? Zergatik ez zigortu gorroto delituak? Zergatik ez agertu berdintasuna erdiesteko urtero duintasunez desfilatzen dutenen alde?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.