jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Hotzean

2018ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Ezin da esan teknologia berriak arraunera iritsi ez direnik. VAR izenekoak futbola irauli duela dirudien honetan, ohikoak dira telebista irudien laguntza, mikrofonoak eta GPSa estropadetan. Hala eta guztiz ere, beste behin, eztabaidaren erdian jarri dute epaileen erabaki bat Kontxako Banderan: Urdaibairen zigorra.

Oraingoan, ordea, GPSaren irudiak bezain garbia da araudia. Kontxako Bandera Arraunketako Euskal Federakundearen arauek arautzen dute; berritu behar badira, arraun elkarteetako ordezkarien ardura ere izango da. Baina bitartean, indarrean dagoen arauak esaten badu arraun talka bat eragiteagatik zigorra hori dela, ezarri beharrekoa da, zigortua edozein delarik ere. Zentzurik ez luke ez egiteak gehiegizkoa delakoan. Kirol proba batean parte hartzen duenak badaki araudia bete behar duela, eta araudiaren ondorioak ezin zaizkie epaileei egotzi okerrak norberak egiten dituenean.

Zilegi da pentsatzea Urdaibaik ez duela merezi tamaina horretako zigorra, baina araudiaren inguruan hobe da hotzean aritu. Aztertu behar baita ea Zierbenak merezi ote zuen aldamenekoak bere kalean traba egitea, batez ere egin zuen denbora aintzat hartuta. TKEren araudiak talka egiteagatik hiru segundoren atzerapena jartzen duela argudiatzen dutenei, galdetu behar zaie hori gutxiegi ez ote den. Zilegi delako hori ere. Eta Zierbenak igande honetan bandera gutxigatik galtzen badu, eztabaida eta haserrea beste batzuk izango direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.