Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Bigarren mailako herritarrak

2019ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Zahartzaroa ez da xamurra, gero eta zaharrago hiltzen den gizartean. Zahartzeak ezinbestean dakar berekin galera fisikoa eta kognitiboa, eta, askotan, bizitzaren azken aroan mendekotasunak agertzen dira. Besteen menpe bizi, eta besteen bizitza baldintzatuz hiltzen gara: zehaztuz, emazteen, arreben eta alaben bizitzak.

Zaintza ezin eramanezko zama bilakatzen denean, berriz, etxeko langileengana jotzen da gero eta gehiago, —zahar etxeetako arta gutxitu egin da gainera krisiaz geroztik—, eta langileok ere emakumeak izaten dira, eta, paperik gabeak gehientsuenak. Berez, zaharren zaintza prekarioa bada, langileon lan baldintza kaskarrak ez du mugarik izaten, inon agertzen ez diren esklaboek ez baitute eskubiderik. Gau eta egun, astean zazpi egunez maiz.

Merkatuak behar ditu emakumeok, merkantzia dira, eta, beraz, etxeko esparrura lotzen ditu. Merkatu hori ere behar dute instituzioek; ezkutuko sareak zaharrak zaintzeko haien defizita ezkutatzen du, mendekotasunak dituzten pertsonei zerbitzuak eskaintzeko eginbeharra, baina, horrez gainera, berdintasuna bermatzeko betebeharra ukatzen ari dira, finean, XXI. mendean emakumeak bigarren mailako herritar direlako oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.