inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Venezuela Katalunia balitz

2019ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Imajinatu Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak, hilabeteotako deserriaren ostean, aspertu eta bere herrialdera itzultzea erabaki duela. Demagun, gainera, bere burua Kataluniako presidente legitimotzat jo duela eta munduari ere eskatu diola halaxe aitortzeko.

Imajinatu ez Espainiako Poliziak, ez armadak, ez Guardia Zibilak ez dutela atxilotu, eta Kataluniako Errepublikaren aldeko kanpaina politikoa egiten utzi diotela. Pentsa Auzitegi Nazionalak ere ez duela hura atxilotzeko agindurik eman, eta nazioarteko diplomazien erdiek aitortu dutela presidente legitimo gisa. Imajinatu hilabeteak pasatu direla eta Puigdemontek ez duela lortu Kataluniako Errepublikaren egiturak martxan jarri eta errealitate politikoa iraultzerik. Bere burua oholtza politikotik kanpo geratzeko arriskua ikusi duela, eta, etsiak jota, kolpe mediatiko handia ematea erabaki duela: Mossoen brigada bat hartuta, Oriol Junqueras presidenteordea askatu duela, eta herriari eskatu diola babestera joan dadila Kataluniako Parlamentuko atarira.

Imajinatu Puigdemont eta Junqueras, ehunka lagunen aurrean, bozgorailu batekin, Errepublikaren aldeko mezuak zabaltzen lau haizeetara. Imajinatu non egongo liratekeen Juan Guaido eta Leopoldo Lopez Venezuela Katalunia balitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.