jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Zulo beltz bat, hauteskunde sisteman

2019ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Aurten bete dira 40 urte Hego Euskal Herrian Franco hil ondorengo lehen udal hauteskundeak egin zirenetik. Urteurrenak berarekin ekarri ditu ospakizunak eta bozketa hark sortu zuen ilusioaren oroitzapena. Aurten, ordea, berriro bozkatu dute Hegoaldean alkateak aukeratzeko, eta, emaitzei alkateen generoaren ikuspegitik begiratuta, agerian geratzen da badela oraindik zulo beltz handi bat, edozein ospakizun zapuztu beharko lukeena, beste analisi batzuen gainetik erakusten duena herritarrengandik gertuen dauden erakundeek ere ez dituztela herritarrak zinez ordezkatzen.

Ipar eta Hego Euskal Herrian badaude udal hauteskundeetan emakumeen presentzia bermatzeko neurriak. Gauza bat zerrendak dira, ordea, eta beste bat, alkateak. Eta ezin da zerrenda parekideez hitz egin zerrendaburu ia gehienak gizonezkoak badira. Euskal Herriko alkateen laurdenak ere ez dira emakumezkoak: %23,1 soilik. Berdin du zein den sistema. Berdin du noizkoa den. Berdin du herrialdeak. Gai horretan, Bidasoa ez da muga. Generoa, bai. Gaindegiaren arabera, Euskal Herrian gehiago dira emakumezkoak gizonezkoak baino, eta, alkate guztiak elkarrekin argazki batean jarriz gero, existitzen ez den gizarte baten erretratua irtengo litzateke. Zulo beltz bat, hauteskunde sisteman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.