Garikoitz Goikoetxea.
HIZPIDEAK

Kotizazioetako diskriminazioa

2019ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Emakumeen eskubideen aldeko mezu eta aldarrikapen egunak dira hauek: hilaren 25a, indarkeria matxistaren aurkako eguna izango da astelehena. Andrazkoen aurkako bortxa gordinenak hartu ohi du zentraltasuna horrelako egunetan: hilketek, bortxaketek, eraso fisikoek. Indarkeria horretatik haragokoa da, baina, emakumeek egunez egun gizartean pairatzen duten diskriminazioa: zirimiriaren gisakoa, isil-isilik hedatua. Sakon ehundua.

Emakumeak alderik alde zeharkatzen dituen bortizkeria horrek badu askotan ezkutuan geratzen den alde bat: ekonomikoa. Noren bizkar geratzen diren soldatarik gabeko lanak eta lanaldi partzialak, soldata arrakalak nor duen oinpean hartua, pobreziak noren aurpegia daukan. Gizarte Segurantzan urteetan jasandako diskriminazioa konpontzeko eskatzen ari dira emakumeak: lanaldi partzialean aritu ziren, eta kotizatutako lanegunetan koefiziente bat ezarri zieten, lanorduengatik txikiagoa zen pentsioa are gehiago murrizteko. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak diskriminatzailetzat jo du neurri hura, eta bertan behera utzi du. Baina atzerako eraginik gabe: jasan dutenei ez die balio.

Jendaurrera irten dira, «egoera berean dauden beste emakume batzuk pausoa ematera anima daitezen». Elkartasuna ehundu nahi dute, ahizpatasuna, diskriminazioari aurre egiteko. Arlo horretan ere hitzak ez, ekintzak eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.