martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Inplikazio beharra

2019ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Gogorra egiten da entzutea Eusko Jaurlaritzako arduradunei «lehen aldiz plan zehatz bat» jarriko dutela martxan euskararen erabilera sustatzeko esparru sozioekonomikoan. «Ganoraz», sustatzaileen espresioa erabilita, heldu nahi diote langitza horri, Euskararen Legea onartu eta 37 urtera. Ondorioztatu beharko genuke, hortaz, orain arte alor horretan egindakoak ganorabakoak izan direla, edo, gutxienez, ez behar besteko indarrez egindakoak. Hala izango da.

Estaturik gabeko hizkuntzen artean ez dira asko egongo ezagutza zabaldu eta erabilera sustatzeko euskarak adina plan eta egitasmo eduki dituztenak. Hamarkadok emandako esperientziak erakutsi digu denbora luzez zokoratua izan den hizkuntza egoera normalera eramatea baino zailagoa izango den lan gutxi dauzkala gizarte batek. Milaka lagunek batera egin beharreko ariketa izanik, ezin du emaitza esanguratsurik eman egun batetik bestera, eta sedukziotik adina behar du sendotasunetik.

Franco hil ondorengo urteetan, autonomia prozesuak hasi aurretik, euskarazko klaseak ematen ziren hainbat lantokitan, langileen eta ugazaben akordioen ondorioz: denboraren erdia enpresak jartzen zuen, eta beste erdia, langileak. Beste askotan, euskaltegiko matrikula ordaintzen zuen enpresak. Orduko konpromiso giroa berreskuratzeak mesede egingo dio planari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.