martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Errebotea jo du pilotak

2020ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Oso egoera larrian egon behar dute Baiko Pilota enpresako pilotariek herenegun eskaini ziguten irudia osatzera iristeko. Ez da pilota, ez da izan orain arte behintzat, kirol bat horrelako irudiak maiz eskaini dizkiguna. Pilotaleku batean urte askotan ikusi gabeko irudia erakutsi, eta entzun gabeko salaketa kaleratu zuten enpresa horretako pilotari ia gehienek. Logikak diosku oso egoera larria bizitzen ariko direla ezohiko urratsa egin duten 16 pilotari horiek.

Bati baino gehiagori gogora etorriko zaio 1988ko apirilean AEBetako puntistek, IJAPA sindikatua osatuta, hasi zuten greba luze eta gogor hura. Alde handia dago, ez dago dudarik horretan, bi ekinbideen artean. Baina herenegun Beotibar pilotalekuan aurpegia eman zuten pilotariek jarrera sendoa erakutsi zuten, batasuna ere bai, adierazpena egiteko orduan.

Salaketa egin zuten pilotariek Jose Ramon Garai zuzendari nagusiarengan biltzen dituzte kritika eta jarrera okerrak, «jasan» aditza erabiltzeraino. Garaik ardura hori hartu zuen unea seinalatzen dute pilotariek egoera txarraren abiagunea.

Pilotariek aitortzen dute pilotaren mundua osatzen duten guztiak une zailak ari direla bizitzen; egoera horri aurre egiteko orduan beste jarrera bat eskatzen diote Baiko Pilota enpresari. Erreboteraino bota diete pilota pilotariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.