inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Hiriburu da lekuko

2021eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Goizeko bederatzietan hasi zen dena. Hiriburuko Aturri kolegioaren ondoan, tapiz baten gainean ustez errezoan ari ziren bi gizon ikusi zituztela esan zieten hiru ikaslek irakasle bati, eta bukatu ondoren ikastetxera sartu zirela. «Susmagarrietako» batek motxila bat zuela zioten nerabeek. Koktel lehergarria Poliziarentzat. Berehala bertaratu ziren indar armatuetako kideak: instalazioak itxi, ikasle guztiak geletan bakartu, eta instalazioak miatzeari ekin zioten.

Orduak luze joan ziren kanpoan itxaroten geratu ziren senideentzat. Polizia eta soldaduek bi auto lehertu zituzten, ustezko susmagarrien bila.

Azkenean, inor topatu ez, eta ikasleei etxera joaten utzi zieten. Ordurako, tentsio informatiboa barreiatua zegoen hedabideetan eta gizartean. Frantzia alerta egoeran da eraso «terrorista» posibleengatik. Bataclaneko sarraskia epaitzen ari diren eta Eric Zemmour presidentegai xenofoboak telebistako pantaila ia egunero betetzen duen garaiotan, jokaldi makur ugari joka diezazkioke beldurrak gizarteari.

Ikasgelan erlijio eta pentsamendu askea predikatzen du eskolak, baina nahi baino aurreiritzi gehiago filtratzen dira ezberdinenganako herraren testuinguruan. Musulmanak eta azal beltzekoak susmo iturri bihurtu dira, baina beldurra ereiten duen gizarteak nekez bil dezake fruitu sanorik. Hiriburu da lekuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.