Oihana Elduaien Uranga.
HIZPIDEAK

Abortua

2022ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Emakume batek abortatzea erabakitzen duenean, ez du pentsatu gabe egiten. Ondo neurtzen ditu haurdunaldiarekin aurrera jarraitzeak ekarriko dizkionak, eta abortatzearen ondorioak. Egitera doana ez da txantxa, eta eskubidea baliatu edo ez erabakitzen duenak badaki.

Aztertu du egoera, hartu du erabakia, eta hor doa erabaki hori aurrera eramatera: abortatzera. Ez du behar inoren epaiketarik. Egoera horretan egotearen arrazoiak norbaiti azaldu nahi izan badizkio —ez du zertan inori azaldu—, hori eginda iritsi da klinika pribatura. Eta han topatu ditu, atearen aurrean, abortatzeko eskubidearen kontrakoak, kartel, pankarta edo gurutzeekin. Zama morala bota nahian.

Zorionez, eta feminismoari esker, gero eta gehiago dira, eta izango dira, abortatzera zama moral horretatik askatuta doazenak. Baina haiek ere intimitatea behar dute, kasurik gehienean. Abortatzeko eskubidearen kontrakoei kliniken ateetan egoteko debekua jartzeak hobetu egingo du egoera, noski, baina ez du erabat konponduko. Erdi ezkutuan eta erdi seinalatuta joango baitira, klinika horien izaeragatik.

Abortuak osasun etxe publikoetan egiteak beste jauzi bat lekarke. Eta handia. Jende artean nahasteak lausotu egingo bailuke han egotearen arrazoia, medikuak eta norberak nahi duenak bakarrik jakiteraino. Intimitatea jende artean lortzen baita askotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.