Luhanskera iritsi da giza konboia, Mendebaldearen eta Kieven protesten artean

Ukraina ekialdeko hiriak jaso du Errusiak bidalitako giza laguntza.

Kievek ez dio eman herrialdean sartzeko baimenik kamioi ilarari, eta inbasiotzat jo du ekintza
Gurutze Gorriko ordezkarien laguntzarik gabe atera da konboia. Soilik 34 kamioi ikuskatu dituzte mugazainek.
Gurutze Gorriko ordezkarien laguntzarik gabe atera da konboia. Soilik 34 kamioi ikuskatu dituzte mugazainek. STRINGER / EFE

Adrian Garcia -

2014ko abuztuak 23
Giza laguntza iritsi da Luhasnkera, Ukraina ekialdean. Kieven baimenik gabe, eta Gurutze Gorriaren laguntzarik gabe gurutzatu du muga Errusiako kamioien ilarak. Konboia osatzen duten 262 kamioiak iritsi dira gerrak txikitutako eskualdeko hiriburura, giza laguntzaz beterik. «Hasi gara elikagaiak banatzen», adierazi die kazetariei hiriko bozeramaile batek. Ukrainako Aduana Zerbitzuek bakarrik lehenengo 34 ibilgailuen zama ikuskatu dute. Astebete pasatxo zeraman konboiak mugan trabatuta, ez atzera ez aurrera, Ukrainako Gobernuaren onespena behar baitzuen herrialdean sartzeko. «Errusiak aurrera egitea erabaki du. Onartezina da giza laguntzaren banaketa atzeratzea», azaldu du Vladimir Putin Errusiako presidenteak. Moskuk uste du Kievek azkeneraino eraman nahi duela Luhanskeko setioa, matxinoek kontrolaturiko hiria ito eta errendiarazteko. Izan ere, hiriko udal agintarien arabera, hiriko egoera «tamalgarria» da: «Asteak dira ez dagoela ez argindarrik ez edateko urik».

Ukrainako presidente Petro Poroxenkok Errusiari leporatu dio «nazioarteko legea urratzea». Gobernuak dio «inbasio bat» dela kamioiek muga baimenik gabe gurutzatzea, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen aurrean salaketa jarri du. Haren ustetan, ekintzak erakusten du Moskuren «jarreraren indarkeria». Errusiak, ordea, ez du uste nazioarteko legea urratu duenik. «Legearen arabera jardun dugu. Jasangaitza zaigu Ukraina ekialdean bizi direnen zibilen egoera», azaldu du Errusiako Atzerri ministrorde Sergei Riabkovek.

Kievek askotan salatu du Errusiak matxinoei armak banatu dizkiela. Horregatik, ez da fio Kremlinen asmoez. «Giza konboia Gurutze Gorriaren estalki zinikoa duten ibilgailu militarrek osatzen dute, agiri faltsuekin», uste du Valentin Nalivaitxenko SBU Ukrainako Segurtasun Zerbitzuen buruak. «Egiaz, konboia gidatzen dutenek matxinoei auto blindatuak ematen dizkiete egunero». Haren hitzetan, konboiaren helburua da «Ukrainako herritarrak bahitzea» eta matxinoen krimenak «ezkutatzea».

Halere, SBUko buruak baztertu egin du konboiaren aurka indarra erabiltzea. «Ez dugu abiazioa erabiliko». Konboia matxinoen mendeko lurraldetik igaro denez, armadak ez du geldiarazteko aukerarik izan. Halaber, Nalivaitxenkok ohartarazi du armadak ezin zuela konboiaren segurtasuna bermatu, konboia matxinoek su egin ohi duten eremu batetik igaro behar zelako. Reuters albiste agentziari lekuko batek azaldu dio errusiazaleek babestuta egin duela bidea kamioi ilarak.

Guztira, 262 ibilgailuk osatzen dute konboia. Moskuk berretsi egin du operazio humanitarioa dela: 2.000 tona zamako giza laguntza garraiatu dute. Giza operazioa eragoztearen aurka ohartarazi du Moskuk. «Geopolitikaren mesedetan zibilen bizitzak arriskuan jartzen dituztenengan eroriko dira erantzukizunak».

Dozenaka mugazain bidali zituen Kievek mugaldeko Donetsk igarobidera, kamioiak miatzeko. Lehenengo 34ena izan ezik, gainontzekoek zekarten materiala ezin izan dute aztertu. «Gure lana oztopatu egin dute. Guk ez dugu parte hartu zamaren egiaztatzean», azaldu dio Interfax albiste agentziari Ukrainako Mugako Guardiaren ordezkari batek. «Ez Gurutze Gorriak ez Ukrainako aldeak ez dakigu zer dagoen kamioietan. Kezka eragiten du horrek», esan du Nalivaitxenkok.

Laguntza onartzeko Kieven baldintzetako bat zen Gurutze Gorriko ordezkariek laguntza horren ardura hartzea. Erakundeak uko egin dio kamioiak laguntzeari, segurtasun ezagatik. Gurutze Gorriko talde batek eskualdean bezperan borrokak egon zirela ziurtatu zuen, eta bi aldeen partetik «segurtasun berme nahikorik» ez jasotzean, erabaki dute ez abiatzea Luhansk aldera.

EB Europako Batasunak Errusiari eskatu dio atzera egiteko. Sebastien Brabant Atzerri Ministerioko bozeramaileak Ukrainako Gobernuaren ildo beretik jo du: «Errusiak muga urratu du argi eta garbi». Haren hitzetan, giza laguntzaren banaketa «legearen arabera» egin behar da. «Horretarako giza laguntzari buruzko xehetasun guztiak eman behar dira, eta Gurutzeko Gorriko kideen segurtasuna bermatu behar da». NATOk ere gaitzetsi du giza laguntzaren konboia baimenik gabe Ukrainan sartzea. Halaber, Errusiari leporatu dio Ukrainako armadaren aurka su egitea. AEBek are gogorrago egin dute Errusiaren aurka: konboia erretiratu ezean, «ekintza gehigarriak» iragarri dituzte.

Luhansk, suntsituta

«Hiritik ez da ia ezer gelditzen. Eraikinen erdiak suntsitu dituzte». Errusiazaleen buruzagiek salatu dute Ukrainako armadak Luhansken eragindako desmasia. Gatazka piztu aurretik milioi erdi biztanle inguru zituen hiriak. «Biztanleen herenena besterik ez da geratzen», azaldu diote Interfax agentziari matxinoek. Donetsk ondoren, Luhansk da matxinoek kontrolatzen duten hiririk handiena.

Ukrainako Gobernuaren arabera, asteartetik kalez kale borrokatzen dute armadak eta matxinoek hirian. «Etsaiak galera handiak izan ditu», adierazi du armadak. Kieven parte militarraren arabera, artilleriak eta aire erasoek bi tanke, hiru auto blindatu eta misil jaurtigailu bat suntsitu dituzte. Horrez gain, armadak onartu du matxinoek hiriburutik hego-ekialdera dauden hainbat herriri eraso diotela, Errusiako mugatik gertu.

Snizhne hirian, Donetsk eskualdean, Ukrainako armadak jakinarazi du ehun «errusiar mertzenario» hil dituela. Horrez gain, hainbat auto blindatu eta ibilgailu suntsitu ditu. Matxinoek, bestalde, Ukrainako abiazioaren borroka helikoptero bat eraitsi zuten herenegun. Horrela baieztatu dio errusiazaleen ordezkari batek Ria Novosti albiste agentziari.

Donetsk hirian ere egunero izan ohi dira borrokak, eta, ondorioz, eskualdeko hiriburuko agintariek erabaki dute eskola ikasturtearen hasiera atzeratzea. Egoeraren arabera zehaztuko dute data.

Errefuxiatuak, Errusiara

Gero eta gehiago dira gatazkaren eraginez Ukraina uzten dutenak. Errefuxiatu gehienek Errusiara jotzen dute: ia 800.000 lagunek gurutzatu dute muga, Moskuk jakinarazi duenez. Horietatik 100.000 lagunek eskatu dute babes politikoa. Errusiako muga ondoko eskualdeak ez daude iheslari kopuru hori jasotzeko prestatua, eta beste eskualdeetara eraman dituzte asko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna