inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Casadoren hitza

2018ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Polizia indarkeriarik ez dela izan adierazi du Pablo Casado PPko buruak. Gasteiz aukeratu du hori esateko; zein, eta 1976an Poliziak oldarraldi bortitz batean bost langile hil zituen hiria. Euskal Herriko beste edozein leku ere hauta zitzakeen. Haietako askotan baitaude segurtasun indarren indarkeriaren arrastoa eta herri oroimena. Galde dezala bestela Iruñean German Rodriguezengatik; edo Donostian Mikel Zabalzarengatik. Irakur dezala Jaurlaritzarako Paco Etxeberriaren taldeak eginiko torturen inguruko txostena. Poliziaren tratu txarrak eta torturak pairatutako 4.113 lagunen testigantzak daude hor, jakin-minik badu.

Boto ehiza emankorraren peskizan, bere interesetara moldatutako euskal gatazkaren kontakizuna zabaldu nahi du PPko presidenteak Euskal Herrian festaz festa egiten ari den bira horretan. Baditu arazo handiagoak, baina. Tartean lehertu zaio bere masterraren inguruko auzia, adibidez. Epaileak «delitu zantzuak» ikusi ditu Rey Juan Carlos unibertsitateak eman zion masterraren atzean. Haren alderdikide Cristina Cifuentesek ere kargua utzi zuen antzeko kontu batengatik. Casadok ukatu egin du iruzur egin zuela. Denborak esango du haren hitzak zenbat balio duen, baina Euskal Herrian gertatu den polizia indarkeria ukatzen duenak zer sinesgarritasun daukan zalantzan jartzea ere ez da horren harritzekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.