mikel p ansa
HIZPIDEAK

Ernegua

2020ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Eta horrela doa uda, haserre eta errieta artean, nahi eta ezinean, asmatu ezinean. Gazteak jarri zituzten jopuntuan aurrena, erru guztia haiena balitz bezala; sumindu ziren asko. Orain tabernariak daude ernegatuta. Bilboko ostalarien elkarte batek salatu du hauteskundeen aurretik ahalaren %60an utzi zietela lan egiten, eta hainbestean: gastuak ordaintzeko adina ari zirela biltzen. Kendu zituzten aldi baterako enplegu erregulazioak, ekarri zituzten langileak atzera lanera, eta orain, %20an ari dira lanean. Ezin dutela jasan esan dute, eta ezin direla enplegu erregulaziora itzuli, laguntzarik gabe gelditu direla. Maskara derrigorrez eta beti jantzi beharrarekin ernegatuta daude beste batzuk; eta beste asko ere ernegatuta, baina maskararik jantzi nahi ez edo gaizki erabiltzen dutenekin. Ernegatuta daude mediku eta erizain asko, gehiegizko lanak eta baliabide faltak itota. Ernegatuta irakasleak, eskolarako itzulera antolatu ezinean. Ernegatuta gurasoak, udazkenak zer ekarriko dien. Orain oporrak salbatzen saiatuko dira Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, jendeak oporrak nahi dituelako bizi lehen bezala. Baina, aldi berean, irailean berriro dena itxiko ote den kezka eta beldurra daude atezuan. Eta okerrena izan litekeena: ernegu hori guztia haserre, eta haserre hori sumin bihurtzen bada, lagunarteko eta familiako zubi batzuk hauts litezke. Luze doa, eta luzeago joko du, eta ernegua baino pazientzia eta enpatia handiagoa beharko dira. Eta baliabideak behar diren lekuan, errieta gutxiagorekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.