ander perez zala
ANALISIA

Borroka ideologikoa ez da eten

2020ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Bernie Sandersen jarraitzaile askorentzat, ulertezina da azaroko presidentetzarako hauteskundeei begira Joe Bideni emandako babesa. Senatariaren programari eta ideologiari erreparatuz gero, inkoherentea da honelakoak egin dituen aurkariaren aldeko botoa eskatzea: Bidenek beltzen eskubideen aurka bozkatu zuen iragan mendean; AEBetako presidenteorde zela, Ukrainako eta Brasilgo gobernu aldaketa ultraeskuindarrak sustatu eta babestu zituen; milioika migratzaile deportatu zituen, eta demokraten primarioen kanpainan sexu-eraso salaketak jaso ditu. Baina gertatu da milaka boto emailek nahi ez zutena, Sandersentzat garrantzitsuagoa baita Donald Trump garaitzea, «AEBek inoiz izan duten presidenterik arriskutsuena».

Ezaguna da Bidenek nolako arbuioa sortzen duen senatariaren boto emaileengan. Ia guztientzat, presidenteorde ohia ez zen primarioetako bigarren aukera ere botoa ematerakoan; beste aldean, Sanders zen Bidenen oinarri elektoral ia guztiaren bigarren hautua. Horrek agerian uzten du zein zen demokratentzat hautagairik egokiena Trumpi aurre egiteko.

Aldi berean, errealitatea bestelakoa izan da, senataria ez delako gai izan beltzen babesa lortzeko, eta haren alde egin duten gazte guztiak mobilizatzeko. Behintzat, Bidenen eta Sandersen harremana ona da, eta senatariak borroka ideologikoan jarraitzeko aukera izango du biek sorturiko lantaldeetan. Han negoziatuko dute, bozetarako programa besteak beste, eta Sandersentzat aukera ezin hobea da bere neurriak txertatzeko; finean, hori baita bere boto emaileek Bidenen alde egiteko aukera bakarra, borroka ideologikoan jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.