Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Merkelen 'selfie'-ak

2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Angela Merkelek selfie-ak egiten zituen 2015ean errefuxiatu siriar iritsi berriekin, baina kritikatu egiten zizkioten ongietorri haiek, batez ere Bavariako CSUko bazkideek. Gaur egun Europara datozen immigranteen kopurua ez da ordukoa, eta, estatuen kalkuluen arabera, kopuruz ez dira hain kezkagarriak; bai, ordea, politikoki, eskuin muturraren bazka baitira, eta, haren igoera geldiarazteko aitzakian, eskuinarenak ere bai. Atzo Europar Kontseiluak egindako hitzarmenak horiek guztiak lasaitzeko balio izan zuen, baita migranteen duintasuna are gehiago zaurtzeko ere.

Merkel eta EBko gainerako pisuak lasaitu ziren, Alemaniako Gobernua ere hari batean zintzilik baitago —hari berean doa EB—. CSUk ultimatuna emana zion: kantzilerrak etxeko lanak egiten ez bazituen iganderako, EBren erabakiak pikutara bidali eta euren feudoko mugak itxiko zizkieten immigranteei, CDU-CSU koalizioa apurtzearekin batera. Hori gertatuta, agur Alemaniako Gobernuari; agur Merkeli, eta agur EBri.

Badirudi Merkelek gainditua duela lehen gudaldia, baina EBk halako gudaldi gehiegi gainditu ditu, eta dagoeneko ez dago haren balioen arrastorik. Segurtasuna harresiz neurtzen duen Europa bilakatu dute. Errefuxiatuekin selfie-ak egitea ere arriskutsua den Europa bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.