jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Keinua

2018ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Ez da gutxiestekoa Emmanuel Macron Frantziako presidentearen keinua, besteak beste haren aurretik karguan egon direnek aukera izan dutelako eta uko egin diotelako agerikoa eta jakina zena onartzeari; baina keinua, ikuspegi historiko batetik, Frantziak aljeriarren kontra egindako gehiegikeriak eta sarraskiak ikusita, Aljerian bertan eta Aljeriatik kanpo —Parisen, 1961ean, esaterako—, hondar ale bat baino ez da urteetako zor historikoaren amildegian, tirita bat odolez hutsarazitako herrialde baten zauri zornatuan. Rachid Taha musikari aljeriar zendu berriak esana zen Frantziak ezin zuela Aljeria zintzurretik irentsi.

Macronek onartu du 1957an Frantziako armadak atxilotu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin zuela Maurice Audin, matematikaria, komunista eta Aljeriaren independentziaren aldeko militantea. Eta haren desagerketa posible izan zela gobernuek segida eman zioten atxiloketa sistema bati esker, tortura arma gisa erabili zela, tortura kasuetan inpunitatea izan zela... Macronek Aljeriako desagertuei buruzko artxiboak zabalduko ditu. Egia jakiteko urratsa da, baina egiaz gain, justizia eta erreparazioa ere behar dira.

Egindako eta eragindako minaren neurriko erantzuna. Jean Louis Davantek esan zuen, Aljerian bizitakoaz: «Alemanak ikusi ditut nik hemen [Euskal Herrian] gerra denboran. Eta alemanak hemen ziren bezala nintzen han [Aljerian]».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.