jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Ziabogarik ez Lurrarentzat

2019ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Ikerketak ikerketen atzetik, txostenak txostenen segidan, datu zaparrada datu zaparradaren gainean, goi bilerak goi bileren ostean... Guztien ondorioa, bera: Lurra hondamendirantz doa gizakiaren esku hartzeagatik, eta gero eta denbora gutxiago dago egoera iraultzeko. Nazio Batuen Erakundeko Ingurumen Programaren txosten mardula izan da azkena. Premiazko neurriak eskatu ditu, bestela helburu zaharrak urte mordoxka bat barru ere beteko ez direlako eta, horrela jarraituz gero, egoera atzeraezina bihurtuko delako.

Kontua da diagnostikoa garbia dela. Arazoa eta arazoaren arrazoiak ezagunak direla. Egoera konpontzeko neurriak jakinak direla. Duela urte batzuk hartutako bideetan atzera egiteko teknologia egon badagoela. Neurriak hartzearen abantailak eta mesedeak agerikoak direla, ez Lurraren edo ingurumenaren ikuspegitik bakarrik, baita gizakien osasunaren, bizi baldintzen, giza eskubideen eta justizia sozialaren ikuspegitik ere.

Hala ere, hori guztia jakinda ere, garapena deitutakoak —iraunkor abizen eta guzti— bere horretan jarraitzen du, lehengo bidean, eta gobernatzen duten gehienek —aginte eremu txikienetik handieneraino— ez dute ziabogarik emateko asmorik. Eta, bitartean, guztiak lotsagorritzen ditu 15 urteko neska suediar baten kemenak eta mezuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.