HIZPIDEAK

Ostiraletan eskolarik ez

Amagoia Mujika Tolaretxipi -

2019ko martxoak 16
Ez dute bozkatzeko adinik, baina politikarien jokaeraren ondorioak jasango dituzte. Horregatik interpelatu dituzte, gaurko interesak lehenesten dituztenek euren etorkizuna zalantzan jarri dutelako.

Duela gutxi arte, klima aldaketaren kontra aritzen zen 16 urteko neskatxa gazte eta prestua zen Greta Thunberg Europako politikarientzat. Sinpatiaz entzuten zuten haren jarioa. Orain, berriz, isilarazi egin nahi dute, saretu duen mugimendu global eta zabalaz ohartu direnean. Hainbat herrialdetako gazteen ordezkaritza bat joan da asteon Europako Legebiltzarrera, Berdeek gonbidatuta, ekintzaile karismatikoaren hitzaldia babestera, baina Europako Alderdi Popularrak eta eskuineko beste hainbat indarrek eragotzi egin dute. Debekatzeko argudio paternalista hauxe: «Umeek eskolan egon behar dute, ez hemen».

Thunbergek, ordea, erantzun hau dauka: «Esaten digute eskola lezio baliogarriak galtzen ari garela, baina gogoratu politikariek hamarkada preziatuak galdu dituztela ekin gabe, eta ekiteko garaia heldu zaigu». Thunberg bakarrik hasi zen protestan, Suediako legebiltzarraren aurrean, etxean egindako pankartak eskuan, eta, bere indarraz, gazteei behar zuten bulkada eman die. Orain, milaka dira, han eta hemen, ostiraletan eskolara joan ez eta lezioak ematera ateratzea erabaki dutenak.