Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu berriaren kargu hartzea baino gehiago, Jon Darpon sailburu ohiaren omenaldia izan zen atzokoa. Hala erakutsi zuten esandako hitzek, esan gabekoek eta keinuek. Harentzat izan ziren Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren ia hitz guztiak, sailburu berria izendatzeko lege aipamenak salbu: «dena eman duzu», «konpromiso, zintzotasun eta leialtasun eredugarriak», «konpromisoa, ekarpena eta laguntza»... Darponen agindupean sailean egin diren plan, programa eta azpiegitura guztiak ere zerrendatu zituen. Jon Darpon Nekane Murgaren kargu hartze ekitaldian izan zen, eta Urkulluk sailburu ohiari zuzendu zizkion hitzak eta begiradak, eta harentzat izan zen protokolozko ekitaldia bukatu osteko lehen keinua, besarkada zintzo eta bero bat.
Darponen dimisioa eragin duen Osakidetzako lan eskaintza publikoaren iruzurrari buruzko aipamenik? Ez. Autokritikarik? Ez. Aitzakia txikiren bat gutxienez? Ez. Ezin zitekeen besterik espero Darponen dimisioa eta gero Eusko Jaurlaritzako eta EAJko ordezkariek esan zituztenak entzun eta gero. Benetan hori pentsatzen badute, utz zezaketen karguan, eta aterkia atera zaparradak ahalik eta gutxien bustitzeko. Dimisioa emanda ere, politikoki hildakoa ezkutatu beharrean, jendaurrean omendu dute, eta biktima bihurtu. Errua beti baita besteena.
HIZPIDEAK
Omenaldia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu