inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Kubaren bila

2019ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Fulgencio Batista diktadorearen garaian lurrak eta ondasunak konfiskatu zizkieten kubatarrek —Miamira ihes egindako aberatsak, alegia—salaketak jarri ahal izango dituzte AEBetan iraultzak nazionalizatu zituen ondasun haiek erabiltzen ari direnen aurka; hots, kasu askotan, enpresa atzerritarren aurka.

Helms-Burton Legearen 3. artikulua indarrean jartzea erabaki du Donald Trumpen administrazioak, eta horrek gatazka komertzial handia eragin dezake, besteak beste, Europako Batasunarekin eta Kanadarekin. Venezuelaren kontra zabaldutako presio gogorraren aroan beste koska bat estutu nahi du Washingtonek eskualdeko giro politikoa. Kubaren aurka indarrean daukan bahimendu komertzialari gehituko zaio orain gatazka judizial eta diplomatiko hau. Jakina, horrek kalte dezente egin diezaioke kanpora zabaltzeko premia daukan Kubako ekonomiari. Baina baita negozioa egiten ari diren nazioarteko hainbat enpresari ere, besteak beste, uhartearen alor turistiko oparoan. «Printzipiozko kontu bat da, hau da, AEBetako legeen lurraldez kanpokotasuna onartzeari uko egiten diogu. Abusua izango litzateke besteei arauak ezartzeko ahalmena izatea». Ez du Kubako gobernuak esan, Josep Borrel Atzerri ministro espainiarrak baizik. Melia, Iberostar, Barcelo eta NH multinazionalek larri ikusiko zuten euren burua ministroa hala mintzatzeko. Abusuaz ohartzeko, baina, sekula ez da berandu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.