HIZPIDEAK
Legea nahieran
Sindikalistek lehenago ere izan dituzte aski arazo justiziarekin. Ez da hainbeste denbora, pare bat urte, Espainiak indargabe utzi zuela zigor kodeko 315.3 artikulua. Langileak grebara behartzen zituzten langileei hiru urte arteko kartzela zigorra emateko aukera jartzen zuen artikulu horrek. Kongresuak atzera bota zuen. Baina artikulu hori indargabetuta ere, sindikalismoari ukabilak jaitsarazteko tresnak baditu justiziak, eta hori utzi du agerian Iruñean eman duten azken ebazpenak. LABeko kide bati 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote, jatetxe batean egindako protesta batengatik. Baketsua izan zen protesta, bortizkeriarik gabea. Gerora, gainera, akordioa egin zuten langileek eta jatetxeko jabeek, eta jarritako salaketak kendu zituzten. Ordurako, baina, fiskalak beretzat hartua zuen salaketa, eta koakzioagatik LABeko kideari jar ziezaioketen zigorrik gogorrenetakoa eman dio epaileak akenean: 21 hilabeteko kartzela zigorra. Fiskalaren eta epailearen jokabideak erakusten du intentzio politiko bat, baina politikariek ere halaxe erabiltzen dute zigor kodea, xede politiko hutsez. 315.3 artikulua, adibidez, grebak kamusteko sortu zen. Beste batzuetan, legeak nahita mantentzen dira zirrikitu anbiguoekin. Hori da koakzio delituarekin gertatzen dena: zehaztugabetasun ageriko bat du, eta epailearen interpretazioaren mende geratzen da sarri. Eta, horrela, segun eta zeinek interpretatu, erabil liteke nahi diren jarduerak nahieran zigortzeko: adibidez, gustuko ez diren praktika sindikalak.
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.