inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Espainiak arre, Europak so

2019ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Kataluniako prozesu independentista bultzatu zuten buruzagien inguruko epaien sokak ez du etenik. Atzo, Europako Justizia Auzitegiak bultzada handia eman zien errepresaliatuen tesiei. Izan ere, ebatzi zuenez, Oriol Junqueras ERCko presidenteak immunitatea eduki behar zuen eurodiputatu aukeratu zutenetik. Hots, Madrilek baimena eman behar ziola eurodiputatu agiria hartzeko. Halakoetan gertatu ohi den bezala, berandu iritsi da Europako ebazpena, dagoeneko Espainiako Justiziaren zigorra ari baita betetzen Kataluniako presidenteorde presoa, eta, beraz, Luxenburgoko auzitegiak aipatzen duen babesa ezerezean baita.

Praktikan ondorio gehiago izan dezake ebazpenak Toni Cominen eta Carles Puigdemonten kasuetan. Espainiako Justiziaren zigorrik ez dagoelako euren aurka. Beraz, ez lukete zertan oztoporik izan Europako diputatu kargua berehala hartzeko.

Kontrako ebazpenak jaso arren, Espainiako Justiziak bere kartak jokatzen jarraituko du epaitegietan, betiere bastoiak erabiliz. Esaterako, atzo jakin zen urte eta erdiko kargugabetzea ezarri diola Kataluniako Auzitegi Nagusiak Quim Torra presidenteari, Generalitatearen balkoitik xingola horiak kentzeari uko egiteagatik. Torraren inhabilitazioa iritsiko da. Eta, kasu horretan ere, Europak haren aldeko ebazpena emango balu inoiz, berandu izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.