Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

«Bizirik nago»

2019ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Atzerritik bizimodu hobe baten bila etorritako gazte adingabeak gero eta gehiago dira Euskal Herriko kaleetan. Ume direla gurasoen etxea utzi, hazten ikusi dituen herrialdea atzean laga, eta bidaiari ekiten diote, iritsiko diren batere ziurtasunik gabe. Eta, iristen direnen kasuan, jasotzen dituen herrialdearen harrera ez da ez gozoa, ez samurra; mesfidantzari eta aurreiritziei egin behar diete aurre. Gurasorik gabe, eta instituzioetatik jasotzen duten babes edo laguntza apurrarekin. Errealitate lazgarri bat, gero eta ohikoagoa.

Inor gutxi oroitzen da, halere, ume horiek atzean utzitakoaz. Jatorriko herrialdeetako errealitateaz, eta, batik bat, han utzitako familiez, gurasoez, anai-arrebez... Eta amez. Aljeriako ume migratzaileen —ume klandestinoak deitzen dituzte— amak protagonismoa hartzen ari dira herrialde horretan; Hirak deituriko mugimenduaren mobilizazioetan parte hartzen dute astero, seme-alabentzako konponbide eske. Ateratzen utzi ez, eta ateratzea lortzen dutenei ez baitie itzultzen uzten gobernuak.

Seme-alabei joaten uztearen sufrimenduari amek beraiek jarri diote hitza. Etsimenduz onartzen dute umeak itzulerarik gabeko bidaiari ekitea, eta «bizirik nago» dioen deiaren zain pasatzen dituzte hilabeteak. Deia jaso ostean, seme-alabek bizimodu hobea topatu izanaren itxaropenari eusten diote, jakinda Europak ez diela egiten harrera onik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.