mikel p ansa
HIZPIDEAK

Amorru plana

2020ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Hitz arranditsuak erabiltzera usatua dago AEBetako presidentea: mendeko bake plana deitu die Israelen eta Palestinaren arteko gatazkarako aurkeztu dituen 80 orrialdeei. Baina zehatzagoa izango zen Israel asetzeko plana deitu izan balio. Hasteko, bake plana diseinatzeko modu bitxia erabili du: parte batekin hitzartu zer lortu nahi duen eta zer uzteko prest dagoen, eta beste parteari esan «har ezazu, edo utz ezazu». Palestinarren iritzia ez dute aintzat hartu, eta horrela zaila izango da egiazko bake negoziaziorik hastea.

Baina plana urrunago doa: palestinarrei ostutako lurrak Israelgo Estatuaren parte gisa legeztatzea proposatzen du, eta Jordango harana anexionatzea ere bai. Nazioarteko adierazpen eta agiri guztien kontra, okupazioa muturrera eramaten du planak, eta Palestinako balizko estatu hori erabat itota utzi: ez luke mugarik izango beste herrialde bakar batekin ere. Desmilitarizazioa ere ezarriko lioke, gainera, Israelek beretzat armamentu guztia gordetzen duen bitartean. Errefuxiatu palestinarren itzulerari ere ateak betiko itxi dizkio.

Planak baditu karamelu batzuk palestinarrentzat: Jerusalem ekialdean hiriburua ezartzeko aukera, galdutako lurren ordez lurralde eremua «bikoiztea», lanpostuak sortu eta inbertsioak egiteko promesa... Baina, funtsean, israeldarren interesen neurrira idatzi dute.

Bakerik sustatu nekez, eta palestinarren amorruari su emateko arriskua: horra mendeko bake planaren ekarpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.