mikel p ansa
HIZPIDEAK

Itxaropena

2020ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Itxaropen mezu bat eman du Pedro Azpiazuk, Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak; adierazi du datorren urteko aurrekontuetan ez dela murrizketarik izango, aurrekontu «ausartak» izango direla, eta lehentasuna izango dutela ekonomia sustatzea eta ongizate estatuari eustea, osasun eta hezkuntza arloei bultzada bat emanez. Itxaropen mezu bat merkatuentzat eta sektore ekonomiko jakinentzat, baina mezu horren letra txikia irakurri beharko da gero.

Aurrekontu guztiak abstrakzio ariketa bat izaten dira, nahiz eta ondorio oso praktikoak izan, eta esplikatzeko era oso diferenteak izan ditzakete. Murrizketarik ez dela egongo esatea itxaropentsua da, adibidez, baina ELA sindikatuak egindako kalkuluei erreparatzen bazaie, murrizketak izan dira lehenago, nahiz eta diru kontuak handitu egin diren berez: BPG barne produktu gordinaren %5,4 ematen zitzaion osasuneko gastuari, eta 2020an, %4,8. Hezkuntzan, beste horrenbeste: 2009an, BPGaren %4,3 bideratzen zen, eta 2020an, %3,5. Sail horietako diru funtsak handitzeak ez baitu esan nahi inbertsioa aberastasunaren neurri berean hazi dela. Aurrekontuen paradoxak: diru gehiago bai, jaso dute sail horiek, baina ez aberastasuna handitu den neurri berean.

Defizit mugak, zorra jaulkitzeko mugek eta diputazioen diru bilketen jaitsiera zenbatekoa den jakiteak baldintzatuko ditu kontuak, gainera. Hortaz, iritsiko ote da Azpiazuren itxaropen mezu hori osagileenganaino eta irakasleenganaino?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.