mikel p ansa
HIZPIDEAK

Zilborraz

2020ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Gertaeren sekuentziak argigarriak dira askotan. Pfizerrek koronabirusaren aurkako txerto arrakastatsu bat eskura duela eta aurki komertzializatzen —hori da hitza— hasi direla iragarri eta gero, zer gertatu da? Mundu gehieneko finantza burtsak gora egiten hasi direla. Eta zer etorri da gero? Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideetako aditu talde baten adierazpena: «Pandemia honek mundu osoari eragin dio. Orain, munduak albo batera utzi behar ditu txertoak eta hornigaiak monopolizatzeko lekuz kanpoko ekinaldiak, eta elkarrekin lan egin, hura azpian hartzeko». Espero izatekoa zen, baina horrek ez dio larritasunik kentzen: txertoak enpresa pribatuek ekoizten badituzte, negozio izaten bukatuko dute, eta horrek bazter batera utziko ditu, hain justu, behar gehien dutenak, ahulenak.

Ez da nobedadea. Osasuna, botikak, medikuntza... ahaltsuentzako eta dirudunentzako baliabide bilakatuak daude aspaldian. Hau den bezalako krisi gordin batean hori aldatzeko ekinbiderik ez izateak ez du seinale onik ematen, ordea. Eta NBEk alerta jotzea ez da lasaitzekoa: txertoak ere diru gehien dituztenentzat izateko arriskua dago, eta ez behar gehien dutenentzat. Orain ere bai, honetan ere bai.

Txertoak lortzen ari direla esaten eta herritarrei lasaitasun mezuak ematen tematuta dauden estatu horiek, zenbat hobe lukete enpresa farmazeutikoen jokabideak mugatzen eta, adibidez, patenteak irekiarazten enpeinatuko balira. Zilborraz harago pixka bat begiratuko balute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.