mikel p ansa
HIZPIDEAK

Ilusio optikoa

2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Azalpen argirik eman gabe, seguru asko horren beharrik ez duelako, Euskal Herri barneko muga batzuk ixtea erabaki du Pirinio Atlantikoeta prefetak. «Terrorismoaren kontrako borroka» indartzeko omen da, baina kosta egiten da ulertzen, pandemiaren sasoi honetan atentatuak dezente urritu baitira —ez desagertu— Frantziako lurretan. Mehatxua hor dagoela argudiatuta jarri dute indarrean segurtasun lege berria ere, nahikoa liskar sortu duena, besteak beste polizien irudiak grabatzea oztopatzen zuelako lehen bertsioan. Ordu honetan, Frantziako Gobernuak eta Pirinio Atlantikoetako prefetak mugak ixteko arrazoirik baldin badute, ez da ezagutzen; eta arrazoirik jakin ezean, nekez baloratu liteke erabakia, baina bitxia gutxienez bada, «terrorismoaren kontra», mugako pasabide nagusiak irekita egotea eta zirkulazio gutxieneko errepideak kontrolatzea.

Era batera edo bestera, mezu sinbolikoa argi dago: Frantziako Estatuak agintzen du mugen gainean, eta nahi duenean itxi ditzake. Schengen eremuak, bere arazo guztiekin, ilusio bat sortu zuen Euskal Herrian: lausotu egin zituen mugak eta kontrolak, eta euskal herrialdeen artean loturak estutzeko esperantza piztu zuen, era batera. Baina pandemiak eta «terrorismoaren» komodinak estatua berriro bere lekuan jarri dute, eta mugen gainean zeinek agintzen duen eta Europa ilusio optiko bat dela erakutsi dute atzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.