mikel p ansa
HIZPIDEAK

Patuaren politika

2021eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Hiltzeko era ugari dago. Hil liteke bat berez, garaia delako, gaitz batengatik, norberak eskatuta ere bai, istripu batean... Edo hil dezakete bat norbere etxean, bikotekide zuen gizon horrek labana sartuta, atzo Gasteizen gertatu zen bezala, seme-alaben aurrean. Eta ez da bakarrik norbera hil dutela; hilketa horrek utzi dituen umezurtzak ere badira. Eta ez da behin bakarrik gertatua, aurten bost emakume hil baitituzte beste hainbat gizonek. 112 hilketa matxista 2003tik, datu estatistiko osoak gordetzen direnetik. Heriotza batzuk ez direlako ausazkoak.

Edo hil liteke bat trenbide batean, auskalo nondik auskalo norako bidean galdutako eremu lauso batean, tren batek jota, Poliziarengandik gordean seguru asko, paperik gabe, edo paper gehiegirekin. Izango dira heriotza horiek patuaren emaitza saihetsezin gisa hartuko dituztenak, baina heriotza guztiak ez dira ausazkoak. Sei migratzaile hil dira aurten Euskal Herrian.

Hiltzeko modu ugari dagoelako, baina era batzuk beste batzuk baino dramatikoagoak direlako. Eta dramatikoak dira gertatu diren moduagatik agian; eman dezake patuak erabakiak direla. Baina patuak ere kartak markatzen ditu, eta ez du kasualitatez erabakitzen nor hilko den. Ez beti, behintzat. Eta emakumeek tiket gehiago dituzte. Eta migratzaileek ere bai. Hiltzeko era ugari daudelako, baina batzuk politikoak ere badirelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.