mikel p ansa
HIZPIDEAK

Gizon-gizonak

2021eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Matxismoa eta gizonkeria ez direla existitzen defenditzeko zaletasuna hartu dutenei—hori ere modan jarri dela ematen du eta— zaplazteko bat eman die Josh Cavallok, Australiako futbol liga profesionaleko jokalariak. Homosexuala dela azaldu duen lehen futbolari gizonezko profesionala da. Bai, gezurra ematen du. Ez du beste inork inoiz homosexuala dela onartu izan? Futbola utzi eta gero, gutxi batzuek; baina aktiboan zeuden bitartean, ez da mundu osoan gizonik ausartu urrats hori egitera jendaurrean. Eta horrek asko esaten du, ez soilik futbolari buruz, baizik eta gizarte hauei buruz.

Emakumeen artean bai, izan dira homosexualak direla jendaurrean adierazi duten futbolari profesionalak. Eta hori ere bada esanguratsua. Emakumeek esan dezakete lesbianak direla eta futbolean jokatzen jarraitu; gizonek ezin dute gay direla esan eta futbol profesionalean jarraitu. Gizonek gizon izan behar dute futbolean aritzeko. Zer den gizon izatea? Agian euskal estadioetan marikoi hitza irain gisa erabiltzen duten zale horiek jakingo dute; edo emakume futbolariei irain basatiak egiten dizkieten mutiko horiek. Ereduak ematen dituzte hedabideek, jokalari batzuek puzten, denek elikatzen dute munstroa, eta inor ez da ausartzen «gelditu!» esatera. Nahiz eta klub batzuek ahalegina egin, gizonkeriaren presioa handiegia da. Josh Cavallok egin du urrats bat, eta bidea erraztu nahi die beste batzuei. Futbola eta gizonak bestelakoak izan litezkeela erakusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.