inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Gipuzkoako PSEri atea jo dio legeak

2021eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Askori etorri zaie gogora egunotan Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak duela urte batzuk egindako parodia bat. Hartan, Itxasok, zaborrontziz jantzita, hondakinen atez ateko bilketa kritikatzen zuen. Sare sozialetan bolo-bolo ibili zen orduan ekintza hori, eta hemerotekatik jaso dute orain askok, zergatik eta Espainiako Gobernuak udalerriei eskatu dielako hondakinen gaikako bilketa handitzeko, eta horretarako atez atekoa bezalako «sistema arrakastatsuak» jartzera animatuko dituelako.

Itxasok orain esan du hiriguneetarako ez zuela jotzen sistema egokitzat, baina bai dentsitate txikiko herrietarako. Gogoan edukiko dute askok, baina, Gipuzkoa osoan, baita herri txikietan ere, bere alderdiak kanpaina setatia egin zuela atez atekoaren aurka, eskuorriak banatuz, balkoietan zabor poltsak zintzilikatzera deituz.

PSE-EE ezinbesteko aliatu izan du EAJk Gipuzkoan erraustegia eraikitzeko prozesu gatazkatsuan. PSE-EEk ez balu nahi izan, ez zen erraustegia eraikiko, eta Gipuzkoak orain ez lioke aurre egin beharko lege berriak zabortegiei eta erraustegiei ezarritako kanonari. PSE-EEk ostrukarena egin nahiko du akaso, baina onartutako legeak zuzen jo dio atea, iraganean Gipuzkoan egin zuen politika gogorarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.