mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Shakespeare edo Makiavelo

2022ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
«Helburuak bitartekoak justifikatzen ditu». Beti erran izan da Nikolas Makiavelo pentsalari florentziarrarena dela aipu hori, nahiz eta obra bakar batean ere ez zuen literalki hori idatzi. Botereari eta politikari buruzko Printzea lanaren (1532) ideietako baten sintesia gorpuzten du, hala ere. Bertze uste bat da Makiavelorentzat Fernando Katolikoa Espainiako erregea zela agintari eredugarria; bertzeak bertze, Nafarroako Erresuma inbaditu zuen monarka.

Errenazimentu aroko bertze egile unibertsal batek, berriz, William Shakespearek, fikziozko Fernando Nafarroako erregearen ahotan idatzi zuen «Nafarroa munduaren lilura izanen da». Eta munduaren lilura izanen delakoan, akaso, PSNk eta Navarra Sumak bat egin dute parlamentuan Shakespeareren hizkuntzan erakusten duen PAI programa hezkuntza eredu bihurtzeko.

Lilura baino gehiago, ordea, kanpoko ikusle neutralagoari harridura edo ulertzeko zailtasuna sortu beharko lioke erabaki horrek, ikusita Espainian halako egitasmoak hezkuntza publikotik erretiratzen hasi diren bitartean Nafarroako indar nazionalista espainolek zer-nolako kaskagogorkeriarekin hedatu nahi duten Paris-Roubaixeko ibilbideak adina zulo pedagogiko eta legal dituen sistema bat. Komenigarriagoa izanen da Makiavelo leitzea Shakespeare baino, euskara baztertzeko helburu aski makiavelikoan bitarteko guztiak justifikatuta ikusten baitituzte PSNk eta Navarra Sumak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.