HIZPIDEAK

Biktimen izaeraz

Iñaki Petxarroman -

2018ko abuztuak 1
Nazien kolaboratzaile eta frankismoaren polizia torturatzailea izan zen Meliton Manzanas. Ehunka lagun bortizki torturatu zituen —batzuk hil ziren tratu txarren erruz—, eta nabarmendu egin zen bere krudelkeriagatik. 1968ko abuztuaren 2an hil zuen ETAk. Orduko Euskal Herriko giroan asko poztu ziren atentatu horrengatik, eta halaxe nabarmendu dute Manzanasen torturen biktima izan eta testigantza eman dutenetako askok.

Hilketa horrek mugarri bat ezarri zuen ETAren ibilbidean. Aurten, betirako itxi du bere bidea erakunde armatuak, eta gatazka politiko-armatuaren kontakizun historikoaren atala zabaldu da. Alde horretatik, Manzanasen eta beste biktima batzuen jiteak galdera bat jartzen dute mahai gainean: ea ETAren biktima guztiek tratu bera merezi duten kontakizun horretan. Ea guztiek merezi duten barkamen eskea, Jaurlaritzak aurten ETAri galdegin dion moduan.

Alemanian edo Frantzian Manzanas bezalako bat hil bazuten, «erresistentziako» kideek izango zuten erakundeen aitortza. Espainian, Manzanasek berak jaso zuen, 2001ean, Terrorismoaren Biktimen Aitortza Zibilaren Gurutze Handia. «Legeak irizpide objektiboak ditu, eta ez du epaitzen pertsona horien ibilbidea», esan zuen orduko gobernuko eledunak. Nekez topa daiteke amarru hoberik krimenik lazgarrienak zuritzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna