HIZPIDEAK

Teledeklarazioa, nahi denean

Martxelo Otamendi Egiguren -

2018ko uztailak 6
Kataluniako prozesuko preso politikoak Madrilen espetxeratuta edukitzearen arrazoi formala izan da, askotan errepikatu digutena, behin-behineko presoek argibide epaitegitik gertu egon behar dutela; epaitu aurreko aldi horretan instrukzioa egiten ari den epailearen eskura, gertu alegia, egotea dela arrazoizkoa. Esku artean daukaguna oso serioa izango ez balitz, esango genuke komunikazioak zaldiz egiten ziren garaiko irizpidea erabiltzen ari direla.

Kataluniako preso politiko horien kasuan, kondena aurreko zigorra ezarri diete haiei, senideei eta lagunei, Madrilgo kartzeletan hilabeteetan edukita ere epailearengana oso gutxitan joan behar izan dutelako. Horrela izan behar du derrigorrez?

Atzo, Iruñeko Justizia Jauregian, auzi saio bat egin zen sanferminetako sexu abusuagatik kondenatuta daudenetako batek pasaportea egitera joanda, behin-behinean aske irten ahal izateko ezarri zizkioten baldintzetako bat urratu ote zuen erabakitzeko. Sevillan bizi da kondenatua, eta auzi saioa Iruñean egin zen; baina Sevillatik Iruñeraino joanarazi ordez, magistratuek aukera eman diote abusatzaileari bideo konferentziaz deklaratzeko.

Zergatik gaizkile horren kasuan posible izan dena, teledeklarazioa, ez diete preso politikoei onartu nahi izan justizia denontzat berdina baldin bada?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna