jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Magma

2018ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuko Memoria Historikoko zuzendaria, Fernando Martin Lopez, EHUren Udako Ikastaroetan izan zen atzo, uztailaren 18an, eta, halako egun seinalatuan,gogorarazi zuen 1936an Espainiako Errepublikaren aurka altxatu zirenek bete zituzten hobiak hustea ez dela zauri bat irekitzea, ixtea baizik. Duela 82 urte altxatu ziren Espainiako Errepublikaren aurka, eta, gezurra badirudi ere, esan eta borrokatu egin behar dira oraindik duela urte asko bideratuta egon behar zuten bidegabekeriak.

Aste honetan PPko presidentea bozkatuko dute Madrilen, eta han lehiatuko diren bi hautagaietako batek duela gutxi berriz gutxietsi ditu euren senideen bila dozenaka urte daramatzatenak. Pablo Casadok 2008an esan zuen ezkerreko jendea «zaharra» dela, beti ari delako «aitonaren gerran eta ez dakit noren hobian pentsatzen». Duela gutxi berriro gutxietsi ditu «duela ehun urte Espainian gertatu zenaz edo hobitik nor atera behar den hitz egiten dutenak».

Duela 82 urte hasi ziren gerra bat irabazten Casadoren parekoak, eta garaipen hori urtez urte, legez lege eta lerroburuz lerroburu luzatzen eta errepikatzen dute, jazarpena normalizatuz. Eta, 1936ko azpiratzea erreproduzitzeaz gain, German Rodriguezen hilketan izan den inpunitatea salatu dutenen kontrako auziak erakusten du frankismoaren magma gora datorrela. Jakinak diren gauzak gogoratzeaz gain, politika egitea beharrezkoa da horregatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.