mikel p ansa
HIZPIDEAK

Arrakalatuak

2018ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Soldata arrakala kontzeptuari buruz adarbakar bat balitz bezala hitz egiten da batzuetan, ukatu egiten da, galdetzen da ea nola litekeen, bada, lanpostu berean ari diren bi pertsonak soldata diferenteak edukitzea. Ukatu ezineko errealitate argi bat erakutsi du ELAk, ordea, sinesgogorrenak konbentzitzeko moduko adibidea, garbiketan aritzen diren langileen sektorekoa: emakumeek baino gehiago kobratzen dute gizonek: 3.500 eta 6.000 euro artean. Sektore berean, zeregin beretan, kategoria beretan gertatzen ari da. Gizonek kaleak garbitzen dituzte, eta emakumeek, bulegoak. Bereizketa horretan bertan hasten da segregazioa —orain eskoletarako modan jarri den kontzeptua, baina beste egoera batzuetarako ere aski baliagarria dena—: gizona plazara, andrea etxe barrura. Kaleak txukun edukitzeak gehiago balio du bulegoak txukun edukitzeak baino. Esaten dute Errusian emakumeek debekatuta daukatela ofizio batzuetarako sarbidea; ezin dira autobusetako edo metroko gidari edo suhiltzaile izan, andreak direlako, eta kito. Toki batzuetan, debekatu egiten zaie, eta, beste batzuetan, dena bideratzen da, ez daitezen izan, nahiz eta ez debekatu. Gizonak plazak garbitzera, andreak bulegoak garbitzera. Eta kalekoari, 23.000 euro pasa urtean; eta bulegokoari, 17.000 euro. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin irailean lortutako akordioa jarri du adibide gisa ELAk; soldatak parekatzeko akordioa egin dute: adarbakarrari adarretik heltzea erabaki politiko bat den seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.