mikel p ansa
HIZPIDEAK

Eta kito

2018ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Horren serioa ez balitz, adar jotze baten itxura edukiko luke kontuak. Bestela, zer pentsatu behar da Espainiako Konstituzioaren inguruko zirkuaz? «Elkarbizitzarako hitzarmen nazionala» izan omen den hori —horrela deitu zion Felipe VI.ak atzo— bete gabe jarraitzen du-eta Espainiako Estatuak. 40 urte, eta bete gabe. Begiratu Gernikako Estatutuari: lege organiko bat da. Konstituzioaren beraren barruko lege mailarik garrantzitsuena dute lege organikoek. Eta Espainiako Estatuak nahita ez du indarrean jartzen Gernikako Estatutua. Kalkulatutako estrategia bat da: «Legeak bete gabe jarraitzen duen bitartean, nazionalistak behartuko ditugu gurekin negoziatzera, eta, hartara, ez dute alde egingo». Beldurra dutelako, estatutua osorik indarrean jartzen bada, nazionalisten gurariak ez ote diren urrunago joango. Horrela praktikatzen ditu Espainiak «elkarbizitza eta elkarrizketa», bere lege gorenak nahita urratuz. Nazioarteko auzitegietan salatzeko modukoa da.

Orain, erreformatuko ote duten hotsak hasi dira. Batzuek erabakitzeko eskubidea han txertatzearekin tematu orduko, segidan, beste batzuek autonomien estatutua desegitearekin mehatxu egin dute. Azkenean, Espainiak urteotan hartu duen martxa ikusita, gaur egungo testuak pribilegio itxura hartuko du.

Espainiako Estatuak eman zezakeen guztia eman zuen 1978ko testu hartan, eta ez du gehiago emango. Gehiago ematea bere burua suntsitzea litzatekeen uste erabatekoa duelako. Eta horrekin, kito.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.