jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Borreroaren alde

2018ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Harrigarria, beldurgarria eta lotsarazteko modukoa litzateke jakitea benetan zenbat jendek jasan zituen sexu abusuak haurra edo nerabea zela; ikustea zer-nolako gehiegikeriak egin diren ezkutuan edo inguruko isiltasun konplizearekin. Jasan behar izan dutenek zama eta min horrekin aurrera egin behar izan dute bizitzan. Salbuespena dira haurtzaroko edo nerabezaroko sexu abusuak salatzen dituztenak, bai epaitegietan, bai publikoki. Eta, askotan, urteak eta urteak pasatzen dira, bizitza bat ia, korapilo hori askatzen, gertatutakoa ulertzen, gertatutakoari hitzak jartzen eta gertatutakoa besteei azaltzen hasterako. Halakorik lortzen baldin badute behintzat.

Espainiako Gobernuak atzo onartutako lege aurreproiektu baten arabera, adingabeen kontrako delitu larrienetan —sexu abusuak barne— biktimak 30 urte betetakoan hasiko litzateke delitu horien preskripzioa. Hau da, delitua epaitu ahal izango litzateke, gutxienez, 40 urte bete arte —hamar eta hogei urte artean behar dira preskribatzeko—. Preskripzioa, delitu bat zigortzeari uko egitea.

Zaila da mugak jartzea, mugak jarri behar baldin badira. Zuzenbide adituek esango dute salbuespen neurri bat dela, segurtasun juridikoa eskaini behar dela, epeak nahikoak eta arrazoizkoak direla... baina, kasu honetan, legeek borreroaren alde egiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.