jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Hitza eta pitza

2019ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Ondo kostata, EAJk eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean hitzartu zituzten Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak izan beharreko estatus juridiko-politikoari buruzko oinarriak. Orain, ulertzeko nekeza den erabaki baten ondoren, bost adituren esku daude hitzartutako oinarriak, mamia aldatu gabe, testu artikulatu bat osatzeko. Erabakia nekez uler daiteke, adituen artean baitaude, esaterako, Alberto Lopez Basaguren eta Jaime Ignacio del Burgo, hitzartutako oinarri askoren kontrakoak, horiek garatzeko baino gehiago, oztopatzearen aldekoak.

Prozesua hain aurreratuta egonda, Eusko Legebiltzarrak herritarrei hitza emateko plataforma bat sortu du, posta elektronikoz, posta arruntez edo telefonoz eztabaidari ekarpenak egiteko. Jasotako iritziak legebiltzarreko taldeei eta bost adituei helaraziko dizkiete. Herritarren Parte Hartzea 2.0. Edo 0.2. Ikustekoa izango baita zenbat ekarpen eta nolakoak jasoko dituzten, eta gero aintzat hartuko dituzten edo ez. Herritarrei parte hartzeko aukera eskaini dietela esan ahal izango dute behintzat.

Hilabete honetan bertan Eusko Legebiltzarrak erabaki zuen aintzat ez hartzea pobreziaren eta bazterkeria sozialaren aurkako herri ekinaldi legegilea. 51.000 herritarren babesa zuen proposamenak. Zirkinik egin gabe bota zuten atzera EAJk, PSE-EEk eta PPk. Herritarrei hitza eman bai, komeni den moduan eta komeni denerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.