inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Bilboko portua: lantoki eta hiltoki

2019ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Beste langile bat hil da Bilboko portuan, lan istripuz. ELAko afiliatua zen 43 urteko gizona, eta sindikatuak berak jakinarazitakoaren arabera, esperientzia handia zuen bere lanean. bi hamarkadatan aritu baita garabia maneiatzen. Atzo, ohi zuen bezala, makina bat gobernatzen ari zela, zerabilen zama bortizki mugitu zitzaion, eta, kontrola galduta, sei metrotik behera jausi zen behargina.

Lan istripuak nekez har litezke kasualitatetzat. Sindikatuek aspaldi salatu dute lan baldintza eskasetan, erritmo handiekin eta behar baino segurtasun neurri txikiagoekin aritzen direla Bilboko portuko langileak. Osalanek ikertuko du gaia, eta dagozkion txostenak osatuko ditu. Baina egiturazko arazoak hor jarraituko du, enpresa askok etekin ekonomikoak lehenesten dituztelako langileen segurtasunaren gainetik.

Urtebeteko epean hiru langile hil dira portuan. Bat eskorga batekin uretara erorita zendu zen duela urtebete. Beste bat ibilgailu batek harrapatuta hil zen sei hilabete geroago. Nekez uler daiteke horren denbora laburrean horren eremu txikian hainbeste heriotza gertatzea. Ongi dago senideei doluminak helaraztea, gizalegezkoa da. Baina ezbeharrak saihesteko segurtasun neurriak indartu ezean, keinu horiek hankamotz geratzen dira jadanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.