mikel p ansa
HIZPIDEAK

Galtzekorik ez

2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Kaleko hizkeran aritu zela epailearen aurrean eta «ostia» espresioa hitzetik hortzera erabili zuela, hori nabarmendu dute zenbaitek Jordi Cuixarten deklaraziotik. Baina hori baino askoz gehiago izan zen. Kataluniako prozesuaren kontrako epaiketa beste maila batera eraman zuen, eta urduri jarri zituen nola epaimahaia, hala fiskalak ere. Orain arteko akusatu guztiek defenditu dute argi beren burua, mugimendu independentista bakezalea dela ozen adierazi dute, eta indarkeria erabili zuten bakarrak poliziak izan zirela seinalatu; salatu dute Espainia bihurtu den kartzela politikoa, eta oinarrizko eskubideen alde egin dute argi eta garbi. Forcadellek ere bai, atzo. Baina Cuixartek auzia beste lekura batera eramatea lortu du: «Preso politikoa naiz, eta, 500 egun preso egon ondoren, nire lehentasuna ez da espetxetik ateratzea». Azalik gogorreneko fiskalak ere nekez irentsiko du kolpe hori, «nire lehentasuna ez da espetxetik ateratzea». Eta, gero, kolpe horren esplikazioa, noski: «Nire lehentasuna da salatzea Katalunian eta Espainian eskubideen eta askatasunaren aurka egiten ari diren erasoak». Orain arteko deklarazioak ikusita, seguru asko, non dagoen eta zergatik dagoen hor ondoen ulertu duen akusatuetako bat da Cuixart. Deklarazioak edozein direla ere sententziak gutxi gorabehera idatzita daudela pentsatuz gero, eta hortaz auzia Espainiako Estatuaren aurkako epaiketa bihurtu behar dela sinetsiz gero, berak egin du ahalegin argiena: ez duela galtzeko ezer ondoen ulertu duena delako, akaso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.