mikel p ansa
HIZPIDEAK

Sutea atarian

2019ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Salvinik irabazi du; Mateo Salvinik, eta, harekin, Europa zarratu nahi duen ultraeskuinak. Era batera edo bestera, itsas salbamenduko ontziek, eta arrantzaleek, eta baita militarrek eta kostazainek ere, milaka migratzaile salbatu dituzte Mediterraneoan azkeneko urteotan. Baina iritsi da Salvini, itxi ditu portuak, eta itxiarazi dizkie besteei, eta Europak Mediterraneorako sortua zuen operatiboa ere bertan behera gelditu da. Sintoma: Pedro Sanchezek Aquarius ontziari besoak zabalduta hasi zuen agintaldia, eta Open Arms ontziari portuak itxita eta Aita Mari ontziari baimenak etengabe luzatuta bukatu du. Seinalea da, ultraeskuinak irabazi duen seinalea. Herrestan eraman ditu xenofobiari aurre egiteko diskurtso guztiak. Irabazi du; eta ateak itxi ditu Europak. Orain baimena eman diote Aita Mari ontziari; baina ezingo ditu pertsonak salbatu. Greziara botikak eramaten utzi diote, gehiago ez. Libia, Malta eta Italia arteko eremu horretan inor itotzen ikusiz gero salbatzen saiatzen badira, batek daki zer gerta litekeen, baina ez diote horretarako baimenik eman berez. Bitartean, itsasoaren beste aldean, Libian, gerra batean elkar akabatzen ari dira; Siria izan zen lehen, orain Libia... Eta Europak, inoiz baino baldarrago, begiak itxi ditu. Espainiako bozetan ere ikusten ari da ultraeskuinak zenbat irabazi duen: haren diskurtsora dantzan dabiltza eragile guztiak, eta irabaziak ziruditen esparru eta balio asko amiltzen ari zaizkio demokraziari. Bai, Parisko Notre Dameren sutea sinbolo bat da: deskalabru baten sinboloa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.