mikel p ansa
HIZPIDEAK

'Brexit'-ak itota

2019ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Udal hauteskundeek oraindik eta gehiago harrotu dute egoera Ingalaterran. Lehendik brexit-arekin nahikoa iskanbila ez, eta orain, gainera, alderdien gerrek urak lohitu dituzte. Alde batean, kontserbadoreak. Atzo bilera batean hizketan hasi zen Theresa May —galesez—, eta kide batek moztu zuen: «Zergatik ez diozu uko egiten [karguari]? Ez zaitugu nahi!». Kontserbadoreek 1.100 hautetsi inguru galdu dituzte. Mayren burua dilindan zegoen, eta dilindan dago orain. Europako hauteskundeak dira aurki, eta emaitza okerragoak iragartzen dizkiete, orduan Nigel Farageren Brexit alderdia lehiakide izango baitute zuzen-zuzenean. Beste aldean, laboristak. 110 bat hautetsi galdu dituzte. Ez da asko, baina aginteko alderdia horren trakets dabilenean oposizioko alderdi nagusiak emaitza okertzea ez da seinale ona. Laborista batzuek kritika egin diote Corbyni, brexit-aren aurkako eta erreferendum berri bat egitearen aldeko jarrera argi bat hartzen ez duelako. Corbynen erantzuna? «Emaitzak oso-oso argiak dira». Alegia? Brexit-ari buruz akordio bat beharrezkoa dela. Estrategia garbirik gabe jarraitzen dute laboristek, ez dira gai emaitzen interpretazioa adosteko ere. Eta horrela nekez hobetuko ditu aukerak hurrengo bozetan. Tartean, bi alderdi nagusien artean ez dira iritsi botoen %60ra, eta alderdi biko sistema Ingalaterran ere krisian dagoela geratu da agerian. Horrela, herritarrek brexit-ari buruz zer nahi duten interpretatzen jarraituko dute analistek, herritarren iritzia zuzenean jakiteko erreferendum bat ez egiteagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.